Udalekuetan izena emateko interesa duten familiek 4, 3, 2 asterako edo aste bakar baterako eman ahal izango dute izena. Aste bakoitzean gai bati lotutako jarduerak egingo dira. Lehenengoan, Joko Olinpikoak; bigarrenean, zientzia; hirugarrenean, zinema; eta laugarrenean, munduko kulturak. Aste bateko izen-emateak 50 euroko kostua izango du; 2 astekoak, 70 euro; 3 astekoak, 90 euro, eta 4 astekoak, 110 euro.
Izen-emateak maiatzaren 24ra arte egin ahal izango dira, dagokion inprimakia bete eta udal liburutegian entregatuz edo udalekuak@barrika.eus helbidera bidaliz. Barrikan erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute eta, beharrezkoa izanez gero, maiatzaren 27an, 11:00etan, zozketa bat egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Era berean, maiatzaren 31n, 17:30ean, izena eman duten familiakaz bilera egingo dute.