Itsas Merkatua

Barrika itsasoaren munduan murgilduko da maiatzaren 31tik ekainaren 2ra

Erredakzioa 2024ko mai. 24a, 10:56

Besteak beste, itsaskiak dastatzeko aukera egongo da.

Bueltan da Barrikako Itsas Merkatua, gastronomia eta artearen erakusketa. Bertan, animazio musikalak, produktuen dastaketak, artisautza, erakusketak eta haurrentzako guneak izango dira, doako ohe elastiko eta guzti. Itsaskiak, ostrak, bertan egindako mojitoak, olio dastaketak egiteko salmahaiak egongo dira, beste askoren artean.

Maiatzaren 31n, barikuan, 17:00etan irekiko dute azoka, gastronomia eta artisautza salmahaiekin. 17:00etatik 18:30era Daniel Ross eta Eneko Gutierrez magoek elkarlaneko magia ikuskizuna egingo dute. Azkenik, 19:00etan, olio dastaketa egongo da gozagai, salmahai espezializatuan.

Merkatua 11:00etan irekiko dute hurrengo egunean. 12:00etatik 13:30era, parte hartzeko moduko beste magia ikuskizun bat egingo dute, Blue Magoaren eta Asier Kidamen eskutik. 12:30ean olio dastaketa izango da salmahai espezializatuan, eta 13:45ean MizzHelio taldeak joko du, elizaren ondoan. Arrastian, 17:00etan, Los Chimberos taldeak Barrikako frontoian eskainiko du ikuskizuna eta, 17:00etatik 18:30era, txikiek magia ikuskizuna izango dute Blue Magoaren eta Asier Kidamen eskutik. Amaitzeko, 19.00etan, olio dastaketak izango dira.

Ekainaren 2an, domekan, azken egunean, Merkatua 11:00etan irekiko dute. Txikiek 12:00etan izango dute hitzordua, frontoian, Daniel Ross magoagaz. 12:30ean, olio dastaketak izango dira, eta 13:45ean, barrikoztarrek Walking Class Hero jazz taldearen eskutik musikaz gozatzeko aukera izango dute, elizaren ondoan. Ondoren, 17:00etan, Boleros 4 taldea izango da frontoian. 17:00etatik 18:30era bitartean, magia ikuskizuna izango da, Eneko Gutierrezen eta Daniel Rossen eskutik. Itsas Merkatua ixteko, 19:00etan, azken olio dastaketa egingo da.

Gainera, arrastietan, iluntze aldean, merkatuko salmahaiak eta taberna irekita egongo dira, kontsumitzaileen kopuruaren arabera. Halaber, haurrek ohe elastikoak izango dituzte asteburu osoan zehar: maiatzaren 31n, barikuan, 17:00etatik 20:30era; ekainaren 1ean, zapatuan, eta ekainaren 2an, domekan, 11:00etatik 20:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun