Beste urte batez, Barrikako Udalak oinarrizko mailako euskara-ikastaroa eskainiko du gurasoentzat, A1-A2 titulua eskuratzeko aukeragaz. Azaldu dutenez, ekimen horren xedea da hizkuntzaren ikaskuntza eta erabilera sustatzea, gurasoek beren seme-alabakaz edo bestelako testuinguru sozialetan hitz egiteko aukera izan dezaten.
Eskolak urriaren 15ean hasiko dituzte, eta martitzen eta eguenetan emango dituzte, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, matrikula-kopurua eta maila kontuan izanda.
Izena emateko epea irailaren 16tik urriaren 11ra bitartekoa izango da, eta matrikularen prezioa, 72 eurokoa. Plaza-kopurua mugatua izango da, beraz, Barrikan erroldatuta daudenek edukiko dute lehentasuna, izen-ematearen hurrenkera aintzat hartuta. Era berean, taldea osatzeko sei pertsona beharko dituzte gutxienez.
Informazio gehiago lortzeko, udal-liburutegira joan daiteke, astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara, eta barikuetan, 10:00etatik 13:00etara. Bestela, 946 775 163 telefono-zenbakira ere deitu daiteke, edo liburutegia@barrika.eus helbidera idatzi.