Ikasturtero bezala, Barrikako liburutegiak ipuinaren orduaren tailerra antolatuko du ume barrikoztarrentzat. Jarduera, 4 eta 7 urte bitarteko umeei dago zuzendua, eta irailaren 25ean, eguaztena, egingo dute 18:00etatik 19:00etara, liburutegian bertan.
Bertan, Natalia Colombok idatzitako Hurbil liburua irakurriko dute. Komunikazio faltari buruzko alegia da ipuin hori, pertsonen arteko harremanei, indibidualismoari, desioei eta emozioei buruzko hausnarketa poetiko sakon bategaz.
Ipuinaren ordua egiten den guztietan bezala, dinamizatzaileak ipuina irakurriko die parte hartzaileei. Ondoren, bertan agertzen diren pertsonaiak eta gaiak aztertuko dituzte, eta, azkenik, ipuinagaz zerikusia duen eskulan bat egingo dute umeek.
Tailer honen helburuak dira haurren artean irakurzaletasuna bultzatzea, euskara sustatzea, liburutegiko ipuinak ezagutaraztea, zenbait gai aztertzea eta psikomotrizitate fina eta irudimena lantzea. Jarduera honetan parte hartu gura dutenek liburutegia@barrika.eus helbide elektronikoaren bitartez edo 946 775 163 telefonora deituz eman dezakete izena.