Itxas Alde inguruan kale nagusia eta kale perpendikularra berrurbanizatzeko lana egin dute, uneoro oinezkoei lehentasuna emanez. Obraren kostua 600.926,74 eurokoa izan da guztira (BEZa barne). Lanak aurrera eraman ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza bi eman dizkio Udalari: 140.000 eurokoa, biztanle bakoitzeko inbertsioetarako aparteko funtsetatik, eta 55.960 euro, 2023ko azpiegituretatik; eta 199.000 euro, EREINek emandako beste diru-laguntza bat, Eusko Jaurlaritzaren landa-eremuen sustapen eta garapenerako.
Alde batetik, kale nagusia espaloiz hornitu dute, zoladura marratu dute, eta seinale bertikal nahiz horizontalak ezarri dituzte, bide partekatua izan dadin, hau da, oinezkoek, txirrindulariek eta ibilgailu-trafikoak erabiltzeko modukoa izateko.
Disuasio-radarrak
Itxas Aldeko bloke bietarako sarbidea egokitu dute, mugikortasun urriko pertsonentzako arkupeak irisgarri bihurtuta, eta euri-urak ur beltzetatik bereizita. Era berean, bide nagusiko euri-urak biltzeko kanala seinaleztatu dute, eta bide nagusian noranzko bakoitzean semaforo pedagogiko bana ere ezarri dute. Horiek radar informatiboak edo disuasio-radarrak izango dituzte, oinezkoen joan-etorri handiko eta abiadura mugatuko guneetan aukera ematen dutenak ibilgailuen abiadura eta fluxua kontrolatzeko. "Ez dute zigortzeko eginkizunik, prebentziokoa baizik", zehaztu du Udalak. Tarte horretan, radarrek 20 km/h-ko abiadura gomendatuko dute gehienez. Hala ere, iturriek ohartarazi dute abiadura errespetatzen ez baldin bada, Udalak eskubidea izango du radar bat kokatzeko eta abiadura-muga gainditzen duenari isuna ezartzeko.
Gainera, laster argiak jarriko dira busaren geralekuan eta oinezkoen pasabidean.
"Obra honekin gure helburua bete dugula uste dut, hau da, oinezkoei garrantzi handiagoa ematea eta ibilgailu motordunen zirkulazio-abiadura murriztea, istripu-arriskua eta emisioak murrizteko. Eskerrak eman nahi dizkiet auzotarrei, lan hilabeteetan zehar izandako ulermenagatik", adierazi du Barrikako alkate Itziar Unibasok.