Edukiontziak ondo erabiltzeko beharraz ohartarazi du Barrikako Udalak

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 4a, 10:47

Zaborrez betetako edukiontzi bat, Barrikan, artxiboko irudian.

Barrikako Udalak lanean jarraitzen du herritarrak edukiontzien erabilera egokiaren inguruan kontzientziatzeko; "izan ere, pertsona askok behar bezala eta errespetuz birziklatzen duten arren, oraindino biztanleriaren zati handi bat kontzientziatu beharra dago".

Zehazki, edukiontzien kanpoan zabor-poltsak uzteak dakarren arazoa nabarmendu gura izan du Udalak. Ekintza soil horrek, zikintzeaz eta herriaren estetika hondatzeaz gain, higiene arazo bat sor dezakeela eta izurriteak eragin ditzakeela ohartarazi du. Halaber, garbiketa-zerbitzuen lana oztopatzen duela deitoratu du.

Horrez gainera, udal-iturriek gogoratu dute edukiontziak modu desegokian erabiltzen dituztenentzat zehapen-arautegia dagoela, 3.000 eurorainoko zigorrakaz. Horregatik, hala ez jokatzeko eta zabor-poltsak edukiontziaren barruan uzteko eskatu dute. Edukiontzi organikoa irekitzeko txartelik ez dutenek, gainera, udaletxean eska daitekeela gogoratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun