Barrikako EH Bildu taldeak deitoratu duenez, tokiko gobernu-taldeak ez ditu ez osoko bileren aktak ez kontratu txikiak publiko egiten udal-webgunean. Lehenengo kasuari dagokionez, azkenengo akta 2022ko maiatzaren 11ko plenoarena da; "hau da, Udalaren webgunean ez dago azken bi urteotako plenoen aktarik, bi hilabetean behin osoko bilkura bat egiten den arren", salatu du koalizioak.
Kontratu txikiei dagokienez, gogoratu du Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 63.4 artikuluak esaten duela kontratu txikien inguruko informazioa gutxienez hiru hilabetean behin argitaratu behar dela, "hortaz, ondoriozta daiteke Udala ez dela ari legea betetzen".
Hori guztia dela eta, EH Bilduk deitoratu du EAJk zuzentzen duen gobernu-taldearen "nahia" dela "herritarrak ezeren berri ez izatea". Horren aurrean, koalizio subiranistak uste du "ezinbestekoa" dela informazio guztia azaleratzea eta herritarrak jakinaren gainean egotea. "Horregatik, mila aldiz esan eta egin behar bada ere, ez dugu amore emango eta gardentasunaren aldeko lanean jarraituko dugu", gaineratu du.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak biharko, hilaren 13ko, osoko bilkuran eztabaidatuko dira, eta udal-iturriek HIRUKAri jakinarazi diotenez, kontratu txikiak igotzen joan dira, gutxienez, azken hiru hilabetekoak; Udalbatzaren aktei dagokienez, "asmoa" ei da aurrera begira horiek ere publiko egitea.