Maiatzaren 4an egingo dute Barrika Pirata Trailaren hirugarren edizioa

Iker Rincon Moreno 2025ko mar. 17a, 11:12

Meñakotz hondartza. © ALBERTO VARELA

Aurten, ekimenak ohikoa baino distantzia luzeagoa izango du: 13.220 metro. Hala ere, modalitate biak mantenduko ditu, hau da, oinezkoa eta lasterkakoa. Izen-ematea zabalik dago, 12 euroan.

Barrikak maiatzaren 4an hartuko du Pirata Trail lasterketaren hirugarren edizioa. Udalerriak bere kirol- eta kultura-jarduera indartzeko egindako apustua da, bertako labarrak eta barnealdeko edertasuna erakusteko, "zeina nazioarteko mailako zenbait telesail eta filmen inspirazio-iturri izan den". iturriek gogoratu dutenez.

Ibilbide zirkularrak 13.220 metro izango ditu, Barrikako udaletxetik hasita, Muriolako, Barrikako eta Meñakotzeko hondartzetan barrena, ondoren udalerriaren barrualdera sartuz, handik Txipio ingurura, Butroe itsasadarra inguratu, eta berriz udaletxeko plazara itzuliz.

Txangoak zailtasun ertaina du. Gehieneko altitudea 130 metrokoa da, eta desnibel positibo eta negatiboa, berriz, 277 metrokoa. Lasterkako proban izena emandakoak 09:30ean abiatuko dira, eta hamar minutu geroago oinez ibiltzeko modalitatekoak. Aurreko edizioetan 1.200 parte-hartzaile izan ditu ekimenak.

Izen-ematea www.rockthesport.com eta www.uno.es plataformen bidez egin daiteke, 12 euroan, proba egin aurreko barikura arte, hau da, maiatzaren 2ra arte. Barrikara metroz hurbildu gura dutenentzat autobus-anezka bat egongo da, Plentziako metro-geltokitik Barrikako pilotalekuraino joateko, tarteka: 07:30etik 09:20ra, eta, proba amaitu ondoren, 13:00etatik 15:00etara.

Barrikako alkateak, Itziar Unibasok, herritarrak animatu ditu ekimenean parte hartzera, “kirolaz eta Barrikako paisaiez gozatzera, senide eta lagunekin batera”. Era berean, eskerrak eman gura dizkie “ibilbidearen zati handi bat igarotzen den lurzatien ugazabei, ekimena bertatik pasa dadin izandako jarrera onagatik”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun