Udalak gertutik ezagutu gura du nola mugitzen den biztanleria Barrikan, zein den mugikortasunaren egungo egoera, eta dauden arazo nagusiak identifikatu. Horretarako, Itziar Unibaso alkateak dioen bezala, “prozesu parte-hartzaile bat diseinatu da, analisi teknikoa eta udalerriko errealitatea ondoen ezagutzen dutenen, hau da, biztanleen esperientzia eta ekarpenak konbinatzen dituena”.
Hori dela eta, Barrikako Udalak bi modutara parte hartzera animatu du. Lehenengoa, galdetegi digitalari erantzunez, diagnostikorako funtsezko informazioa biltzeko prozesuan laguntzeko. Eta, bigarrena, martxoaren 27an, 18:30ean, Ander Deuna Aretoan egingo den lan-tailerrean parte hartuz, non Barrikako mugikortasunaren egoera elkarrekin aztertuko den.
"Azpimarratu beharra dago, partaidetza sustatzeko helburuarekin, bidezko merkataritza produktuekin egindako bi saski zozketatuko direla, 70 euroko baliokoak, prozesuan parte hartzen duten pertsonen artean", iragarri dute udal-iturriek. "Udalerri irisgarriagoa eta iraunkorragoa diseinatzeko, funtsezkoa da guztion parte-hartzea".