Barrikako Udalak hiri-udalekuak eskainiko ditu ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean

Erredakzioa 2025ko api. 23a, 13:15

Izena emateko epea apirilaren 28tik maiatzaren 16ra egongo da zabailik.

Barrikako Udalak martxan jarri ditu, beste urte batez, hiri-udalekuak. Lau astez egingo dituzte, ekainaren 23tik uztailaren 18ra, 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat, hau da, 2013 eta 2021 urteen artean jaio eta udalerrian erroldatuta daudenentzat. Izen-emateak astelehenean, apirilaren 28an, hasi eta maiatzaren 16an amaituko dira.

Udako egun horietan, musikagaz eta kirolagaz lotutako jarduerak egingo dituzte umeentzako, baita teniseko eta hipikako ikastaroak ere, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara, eta harrera goiztiarreko zerbitzua egongo da 08:00etatik 09:00etara. Lotura honetan udalekuen egutegia kontsultatu daiteke.

Horren harira, Barrikako Udaleko alkate Itziar Unibasok gogorarazi duenez, herritarrek “oso ondo hartzen dituzte udaleku hauek, egun horietan umeek gozatzeko eta sozializatzeko jarduerak eskaintzen baititugu, eta familiei ere laguntzen diegu egun horietan kontziliatzen”.

Izen-emateak eta prezioa

Izena emateko, lotura honetako formularioa bete eta udal-liburutegian entregatu edo udalekuak@barrika.eus helbidera bidali beharko da. Gaineratu dutenez, Barrikan erroldatutakoek lehentasuna izango dute eta, behar izanez gero, maiatzaren 20an, 11:00etan, zozketa egingo dute udaletxeko pleno aretoan. Era berean, maiatzaren 23an, 17:30ean, bilera egingo dute izena eman duten familiakaz, udaletxeko plazan.

Udalekuen prezioari dagokionez, desberdina da aste kopuruaren arabera. Astebetekoa 60 euro dira, aste bi 80 euro, hiru aste 100 euro eta, azkenik, lau aste 120 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun