Barrikako Zabaletxe eta Goierri auzoak lotuko dituzte bizikletentzako bidegorri bategaz

Ander Zarraga 2025ko api. 25a, 14:53

Udalerriko errepideen segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzea barrikoztarren eskaera historikoa izan da aspalditik. © BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak iragarri du espaloi berri bat egingo duela oinezkoentzat eta bizikletentzat, Zabaletxe eta Goierri auzoak lotuko dituena. Azpiegitura hori BI-3114 foru errepidearen ondotik joango da eta, lehen aldiz, hirigunearen eta Meñakoz hondartzaren arteko lotura segurua ahalbidetuko du, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ere erraztuz, hala nola Goierriko autobus geltokirako sarbidea.

Udalak zehaztu duenez, espaloiak hiru metroko zabalera izango du ibilbidearen zatirik handienean, baina metro bira murriztuko da etxebizitza baten sarreraren ondoko puntu zehatz batean. Jarduketak herritarren eskaera historikoari erantzuten dio, orain arte bazterbide estuetatik eta ibilgailuen trafikoaren eraginpean ibili behar baitzuten.

Jarduketa horregaz batera, Udalak Mendieta auzoko bideak hobetzeko proiektu bat ere jarriko du martxan, Sopelagaz lotura hobetzeko. Esku-hartze horrek 105.000 euroko inbertsioa izango du, eta zorua konpontzea, seinaleztapen berriak eta trafikoa arintzeko neurriak hartuko dituzte, baita espaloiak ahal den tokietan markatzea eta zabaltzea ere.

Obra horien bidez, 2024an Goierrin hasitako hirigintza-berrantolaketari jarraipena eman gura dite, inguruko udalerriekiko lotura jasangarria hobetuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun