Barrikak 425 etxebizitza berri aurreikusten dituen HAPO onartu du

Ander Zarraga 2025ko mai. 2a, 15:27

Barrikako udaletxea, artxiboko irudian. © BARRIKAKO UDALA

Behin betiko onartu duten plana 2001ean hasi zen eta 1991ko Arau Subsidiarioak ordezkatuko ditu. Udalak adierazi duenez, hirigintza-dokumentu berri honek 425 etxebizitza eraikitzea aurreikusten d;, horietatik 130 babes publikokoak izango dira.

Udalak azaldu duenez, HAPOk daborduko okupatuta dagoen hiri-lurzorua berrantolatu eta Goierriko eta Elejaldeko herriguneetako lurzoru urbanizagarria berrantolatu du, lur birjina berriak okupatu beharrik gabe. Hala, behin betiko onartu den HAPO honek 425 etxebizitza aurreikusten ditu, horietatik 130 babes publikokoak. Horretarako jarduera integratuak eta plan bereziak planteatu dituzte, eremu bitan bizitegi-sektore berriak garatzeko aukera emango dutenak, udalerriko ingurune naturala errespetatuz.

Plan berriak 1991ko Arau Subsidiarioak eguneratzea ere bilatzen du, indarrean dagoen hirigintza-araudira egokituz, eta auzotarren alegazioak eta ingurumen-baldintza ugari kontuan hartuta egin da. Gainera, aurreikusitako biztanleria-hazkundeak Udalaz gaindiko zuzkidurak hobetzea erraztuko duela ere azaldu dute, batez ere, mugikortasunari dagokionez.

Barrikako alkate Itziar Unibasok eskerrak eman nahi dizkie “Udaletik eta urte hauetan zehar dokumentu honen tramitazioan lan egin duten pertsona guztiei. Bereziki, aurreko Gobernu taldeari, oso kontziente izan baitziren tresna hau edukitzeak duen garrantziaz, eta ahalegin handia egin zuten dokumentua aurrera ateratzeko, 2021. urtean behin-behineko onarpena lortzeko bultzatuz”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun