Barrikako Udalaren ekimenez antolatutako azoka, maiatzaren 30ean, barikuan, arratsaldeko 17:00etan hasiko da irekiera ofizialagaz. Aste-akabu osoan zehar, Barrikara hurbiltzen direnek itsasoko produktu tradizionalen hainbat postu aurkituko dituzte, baita hainbat kultur jarduerez gozatu eta itsasoko giroan murgildu ere.
Proposamen nabarmenetako bat Barrikako kostaldeko irudien erakusketa izango da, udalerriko ingurune naturala eta itsas ondarea omenduko dituena. Gainera, txikienek doako haur-parkeaz gozatu ahal izango dute, hitzordua familiako kide guztientzako dibertigarria eta erakargarria izateko sortu baitute.
Musika-programazioa ere protagonista izango da hiru egun horietan. Hala, maiatzaren 30ean, barikuan, 19:00etan, tributu-talde baten emanaldia izango da, merkatuaren hasiera giroa alaituko duena. Maiatzaren 31n, zapatuan, 19:00etan, berbenaren txanda izango da Joselu Anaien eskutik, eta ekainaren 1ean, domekan, 18:00etan, Iñaki Basabek abestutako kantu tradizionalez gozatzeko aukera izango da.