Mendietako auzokoek helarazitako kexa ugariak direla eta, Barrikako Udalak herritar guztiei gogorarazi die Goierri eta Sopela arteko bidean margotutako espaloiak ez direla autoak aparkatzeko eremuak. Ertzaintzak zehapena jarri ahal izango die espaloi horien gainean utzitako ibilgailuei, daborduko jakinarazi baitzaio egoera auzokoentzat jasanezina dela. Horrez gainera, kaltetutako edozein auzotarrek Getxoko Ertzain-etxera dei dezakela gogorarazi die.
Udalak adierazi duenez, bide horietan gidatzean, oinezkorik ez badago, beste norbaitekin gurutzatzean margotutako espaloi horien gainetik ibil daiteke eta bidean inor oinez ibiliko balitz, hark izango du lehentasuna. Beraz, oinezkoa igaroko da lehenik margotutako espaloien gainetik, eta, ondoren, ibilgailuak. Hori guztia, ondo ikusteko moduan seinaleztatuta dauden 20 kilometro orduko abiadura-mugak errespetatuz. Barrikako Hirigintza zinegotzi Javier Peñak azpimarratu du ezin direla espaloiak inbaditu parking modura erabiliz eta oinezkoak errepidera irtenaraziz.