Ander Deunako jaiak ospatuko dituzte aste-akabuan Barrikako Goierri auzoan

Erredakzioa 2025eko azaroaren 28a

Goierri auzoan izango dira jaiak.

Barrikak Ander Deunako jaiak ospatuko ditu aste-akabu honetan, zapatu-domekan, Goierrin. Ospakizunak hainbat ekitaldi hartuko ditu egun bietan, adin guztietarako feriak, jokoak eta ikuskizunak.

Ekintzak azaroaren 29an hasiko dira, zapatua, goizeko 11:00etatik aurrera artisau eta nekazal produktuen azoka txiki bategaz. 12:30ean, Gure Zirkua taldeko Imanol Ituiño magoak bere ikuskizunaz gozaraziko du publikoa eta, ondoren, 13:30ean, Inbigu Gypsy Jazz taldeak kontzertua eskainiko du. Goizari amaiera emateko, herri bazkaria izango da, 14:30ean.

Arrastian, 17:30ean, kirol jokoak hasiko dira Barrikako familia guztiek modu dibertigarrian gozatzeko. Eguna amaitzeko, 20:30ean La Fabulosa y Decadente Mambo Express taldearen kontzertua izango da.

Domekan, azaroak 30 eta Ander Deunaren Eguna, meza bategaz hasiko da, 11:00etan, zaindari santuaren omenez. Ondoren, Aita Gotzon Abesbatzaren emanaldia izango da, 11:45ean. Geroago, festa girotzeko, luntx herrikoia eta txalaparta eta trikiti doinuak izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun