Barrikako Udalak mugikortasuna eta azpiegiturak oinarri izango dituen 2,1 milioi euroko aurrekontua onartu du

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 24a

Aurrekontua EH Bilduren aurkako botoakaz onartu dute. © BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak 2026rako aurrekontuak hasiera batean onartu ditu, EAJren ustez, udalerriko azpiegiturak, mugikortasuna eta zerbitzu publikoak hobetzeko inbertsioak sendotzen dituzten kontuakaz. EH Bilduk horien aurka bozkatu du, eta jeltzaleek egotzi diete "berriro ere ekarpenik aurkeztu gabe egitea eztabaida, 2024ko eta 2025eko kontuekin gertatu zen bezala".

Gobernu-taldeak egingo dituen inbertsio nagusien artean dago Goierri eta Artepeta arteko etorkizuneko espaloi eta bidegorriari lotutako partida. Hain zuzen ere, 30.000 euro bideratuko dituzte segurtasun eta osasun arloko azterlan eta proiektuetara, eta beste 50.000 euro aurreikusi dituzte beharrezkoak liratekeen lurren desjabetzeetarako. Halaber, aurrekontuak jasotzen du 20.000 euroko inbertsioa argiteria publikoan, Musaurietatik Plentziarako udal bidean eta puntu beltzetan jarduketak egiteko. Bestalde, 11.000 euro ipiniko dituzte hondakinen edukiontziak birjartzeko, 3.000 euro seinaleak jartzeko eta 2.000 euro tresna eta erremintak berritzeko.

Horiez gain, 10.000 euro aurreikusi dira udal-tabernako altzarietarako, 1.000 euro liburutegiko funts bibliografikorako, 1.000 euro Gabonetako argietarako eta 90.563,35 euro azpiegituretako bestelako inbertsioetarako. Udalaren hitzetan, aurrekontu "errealistak eta arduratsuak" dira, herritarren bizi-kalitatea eta udal-zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.

Oposizioari dagokionez, jeltzaleek EH Bilduren jarrera kritikatu dute, eta adierazi dute "EH Bildu ezezkoan kokatu da berriro, sistematikoa" dela, eta salatu dute ez dutela proposamenik aurkeztu azken hiru aurrekontu eztabaidetan. Hala ere, EAJk gogorarazi du osoko bilkura berean aho batez onartu zutela EH Bilduk aurkeztutako mozioa, metro geltokietan komun publikoak jartzeko aukera aztertzeko, eta azpimarratu dute "herritarrentzako zerbitzuak hobetu" ditzaketen ekimenak babesteko prest daudela.

Hasierako onarpenaren ondoren, Udalak jakinarazi du aurrekontuak jendaurrean jarriko direla eta, behin betiko onartu aurretik, alegazioak aurkezteko epea zabalduko dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun