Domekan Barrikako landak eta labarrak pirata korrikalariz beteko dira

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 6a

Barrika Pirata Traileko artxiboko irudia. © BARRIKAKO UDALA

Barrika prest dago maiatzaren 10ean, domekan, laugarren Barrika Pirata Trail hartzeko. Lasterketa eta martxa zirkular honek Barrikako labarrak eta paisaia ikusgarriak zeharkatuko ditu, eta egun horretan espero duten jendetza dela eta, Barrikako Udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin die herritar eta parte-hartzaileei; horretarako, Plentziako metro-geltokiaren eta Barrikaren arteko autobus-anezka zerbitzua baliatzeko erabiltzeko gomendatu diete.

Lasterketa 09:30ean hasiko da, martxa, berriz, 09:40an,eta ibilbide zirkularrak 13,2 kilometroko luzera izango du. Parte-hartzaileak Barrikako Udaletxetik abiatu, eta Muriola, Barrika eta Meñakozeko hondartzak zeharkatuko dituzte, Txipio ingurura heldu eta Butroeko itsasadarra inguratuta Udaletxe plazara itzuliko dira.

Antolatzaileek garraio publikoaren erabilera lehenetsi nahi dute. Zehaztu dutenez, autobus-anezka egongo da Plentziako metro-geltokitik Barrikara igotzeko 07:30etik 09:20era. Jaisteko aukera, aldiz, 13:00etatik 15:00etara izango da. Bestalde, Areeta eta Armintza arteko Bizkaibus A3451 lineak Barrikan geltokia du; ordutegiak Bizkaia.eus webgunean kontsultatzea gomendatu dute.

Aitzitik, garraio publikoa erabili ezin dutenek hondartzako aparkalekua, Udaletxeko bidea kalea edo udal-pilotalekuaren ondoko zelaia erabili ahalko dituzte. Udalak ohartarazi duenez, ibiak, jabego pribatuetako irteerak eta espaloiak errespetatzea derrigorrezkoa da; bestela, agintariek isunak jar ditzaketela ohartarazi dute.

Ingurumena eta azpiegiturak

Ibilbidea garbi mantentzeko, antolatzaileek birziklatze-puntuak jarriko dituzte kartoia, plastikoa, errefusa eta hondakin organikoak biltzeko. Udalak azpimarratu du ibilbidea aurkitu bezala utzi behar dela; beraz, edukiontzietan utzi ezin diren hondakinak motxilan eraman beharko dituzte parte-hartzaileek.

Gainera, probaren ondoren, Barrika Futbol Eskolako tabernan kafea hartzeko aukera izango da eta futbol-zelaian dutxak jarriko dira kirolarien zerbitzura. Udalak eskerrak eman dizkie barrikoztarrei probak mugikortasunean eragin ditzakeen eragozpenak ulertzeagatik, baita beren lurrak zeharkatzen uzten duten jabeei ere, hesiak eta itxiturak errespetatzearen garrantzia gogoraraziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun