Barrikak % 20ko hobaria emango die hondakin organikoa ondo bereizten dutenei

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 3a

Errefusarentzako eta organikoentzako edukiontziak Barrikan. © BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak iragarri du 2026an hondakinen tasan % 20ko hobaria ezarriko duela hondakin organikoa behar bezala birziklatzen duten etxebizitzentzat. Udal-gobernuak osoko bilkuran aurkeztu zuen ekimena, eta aho batez onartu zen, bosgarren edukiontzi marroiaren erabilera eta autokonpostajea sustatzeko asmoz.

Hobaria jasotzeko bi bide aurreikusi dituzte: etxeko konpostajea egitea edo bide publikoko edukiontzi marroia modu egokian erabiltzea. Konpostajea egiten dutenek, 2026ko uztailaren 15a baino lehen izena eman beharko dute, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, eta etxebizitza bisitatzeko baimena eman, Udalaren helburua konpostajea benetan egiten dela egiaztatzea delako.

Aitzitik, edukiontzi marroia kalean erabiltzen duten etxebizitzek ez dute izena eman beharrik: Udalak zehaztu du hobaria automatikoki aplikatuko duela urte amaieran, txartel elektroniko indibidualen bidez egiaztatuta. Hala ere, bi sistema erabiltzen dituztenek ez dute hobari bikoitzik jasoko: gehieneko murrizketa, kasu guztietan, % 20koa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun