Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldizka egiten dituen analisien barruan antzeman dute ez-betetze hori Muriolan, baita Euskadiko beste hainbat hondartzatan ere. Bizkaian, Barrikako hondartzaz gain, Eako hondartzan, Lekeitioko Isuntzan, Ondarroako Arrigorri hondartzan eta Mendexako Karraspion ere ez bainatzea gomendatu dute. Gipuzkoan, berriz, Saturraranen, Ondarbeltzen, Mutrikuko portuan, Zarautzen, Zumaiako Santiagon eta Deban hartu dute neurri bera.
Osasun Sailak azaldu duenez, bainatzeko uren egoera azken egunetako prezipitazioakaz lotuta dago, eta, horregatik, protokoloa aktibatu dute kutsaduraren jarraipena egiteko. Gertakariaren berri eman diete arlo horretan eskumena duten erakundeei, tartean URA Uraren Euskal Agentziari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, foru-aldundiei eta udalei, kasu bakoitzean dagozkion jarduera-prozedurak martxan jar ditzaten.
Datozen egunetan uraren kalitatea berriro aztertuko dute. Muriolan eta gainerako hondartza gehienetan laginketa uztailaren 1ean egingo dute berriro, eta emaitzak uztailaren 2an egongo dira eskuragarri. Emaitza horien arabera erabakiko dute bainatzeko gomendioa mantendu, aldatu edo intzidentzia amaitutzat eman.