Barrikako Udalak Abadenesolo parkea naturalizatzeko lanak amaitu ditu

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 8a

Berritasunen artea, Udalak atseden-gune berriak egokitu ditu. © BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak Goierri auzoko Abadenesolo parkea birmoldatu eta naturalizatzeko lanak amaitu ditu. Herritarren ekimenez hautatutako proiektua izan da, 2026ko partaidetzazko aurrekontuen bidez aukeratu baitzuten auzotarrek. Horretarako, ia 30.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, udalerriko espazio publikoak hobetzeko.

Lanen bidez, parkea erabat berritu dute. Egoera txarrean zeuden zabuak eta gomazko zoladura kendu dituzte, eta haien ordez elementu natural eta jasangarriak jarri dituzte. Besteak beste, pinu-egurrezko hesi bat instalatu dute eremua mugatzeko, eta Robinia egurrez egindako igotze-joko berria ere ipini dute, umeen segurtasuna bermatzeko lurzoru bereziagaz.

Parkeak, gainera, erabilera berriak izango ditu. Hiru hiri-baratze prestatu dituzte, landaketak egiteko eta tokiko ekoizleakaz elkarlanean nekazaritza ekologikoko tailerrak antolatzeko. Udalaren esanetan, helburua espazioa aisialdirako ez ezik, bizikidetza eta komunitatearen topagune ere bihurtzea da.

Horrez gain, atseden-gune berriak ere egokitu dituzte. Zuhaitzen itzalpean kokatutako zurezko plataformak eta enborrez egindako bankuak jarri dituzte, auzotarrek zein bisitariek naturaz gozatzeko eta egoteko gune atseginagoa izan dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun