Aurreikuspenen arabera, 145 etxebizitza egingo dituzte eremu horretan. Horietatik 45 udal etxebizitza tasatuak izango dira, herrian bizi gura duten gazteek eta familiek etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago izan ditzaten.
Etxebizitzakaz batera, auzo berriak hainbat espazio eta zerbitzu izango ditu. Proiektuak parkeak, berdeguneak, bidegorriak, oinezkoentzako bideak eta supermerkatu bat aurreikusten ditu, bizilagunen eguneroko beharrak bertan bertatik asetzeko.
Udalaren asmoa etxebizitza berriak eta urbanizazio-lanak aldi berean egitea da, auzo berria hasieratik bertatik beharrezko azpiegiturakaz hornituta egon dadin.
Hurrengo egunetan proiektua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, eta ondoren jendaurrean egongo da. Epe horretan, herritarrek dokumentazioa aztertu eta alegazioak edo iradokizunak aurkezteko aukera izango dute.
Gazteek Barrikan bizitzen jarraitu ahal izatea, helburu
Udalaren arabera, Lepolako garapenak herriko etxebizitza-eskaintza handitzen lagunduko du. Izan ere, azken urteotan Barrikan nagusitu den etxebizitza-eredua familia bakarreko etxeena izan da, eta horrek zaildu egin du herrian bertan etxebizitza eskuratzea.
Lepolako etxebizitza tasatuakaz, Udalak gazteek eta familiek Barrikan bizitzen jarraitzeko aukera gehiago izatea espero du.