Egitarauaren egun garrantzitsuenei dagokienez, lehenik, urriaren 30ean, barikua, "Sorgin-orratz, porrusalda eta maleta magikoa" antzerkia egongo da arrastiko 19:00etan, Elexaldeko frontoian. Horren ondoren, txokolate-jana egongo da leku berean, 20:00etan. Horrez gainera, urriaren 31an, zapatua, Arimen Gauagaz lotutako tailerrak eta ekimenak izango dira 11:00etatik 13:00etara, Elexaldeko frontoian ere.
Horregaz batera, hilabetean zehar Gau Beltzagaz lotutako pertsonaien apaingarriak egiteko tailer ezberdinak egingo dira: urriaren 2an, 16an eta 30ean, arrastiko 18:00etan, udal liburutegian; eta urriaren 9an eta 23an, ordu berean, Ander Deuna aretoan. Jarduera hauek 5 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta daude, eta aldez aurretik izena eman behar da, 946775163 zenbakira deituz edo liburutegia@barrika.eus helbidera idatziz.