Barrikako Udalak 2026an kultura-jarduerak sustatzeko dirulaguntzen deialdia zabaldu du

Iratxe Ugartetxea Muelas

Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 12ra arte egongo da zabalik. © BARRIKAKO UDALAK

Deialdia herriko erakunde eta elkarteei zuzentzen zaie, eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 12ra arte egongo da irekita. Udalak azaldu duenez, laguntza-lerro horrek 14.000 euroko aurrekontua du guztira, eta helburua elkarteek dituzten baliabide ekonomikoak osatzea da, jarduerak oso-osorik finantzatu gabe.

Udalak zehaztu du deialdi hori baliatu ahal izango dutela irabazi-asmorik gabeko jubilatuen, emakumeen, auzo- eta kultura-elkarteek, egoitza soziala Barrikan dutenak eta bai dagokion erregistroan bai Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta daudenak. Elkarte bakoitzak hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta laguntzak proiektuaren zuzeneko gastuetarako erabili beharko dira soilik.

Aurkeztutako proiektuak herrian gauzatu beharko dira (txangoak izan ezik), 2026ko ekitaldian, eta gutxienez sei pertsonako publiko bati zuzenduta egon eta 300 euroko aurrekontua izan beharko dute, Udalak adierazi duenez. Antzezlan amateurrak, euskara sustatzeko programak, musika- eta folklore-ekitaldiak, ume eta helduentzako aisialdi-ekimenak, elkarteen arteko proiektuak, hirugarren adinerako dinamizazio-ekintzak, aukera-berdintasuna sustatzea eta genero-indarkeria prebenitzea xede duten proposamenak eta txango eta bidaiak lagunduko dira. Aitzitik, araudiak berariaz uzten ditu kanpoan jai egitarauak.

Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, azaroaren 12ra arte, eta eskaera-formularioagaz batera, sinatzailearen NANaren fotokopia, zein botere edo ordezkaritzagaz jarduten duen egiaztatzen duen dokumentazioa, erakundearen IFKren fotokopia, dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria, erakundearen estatutuen kopia eta Ogasunean eta Gizarte Segurantzan egunean egotearen ziurtagiria. Udalak azaldu du dokumentu horiek daborduko udal-administrazioaren esku badaude eta horietan aldaketarik izan ez bada, nahikoa izango dela erantzukizunpeko adierazpen bat eranstea, noiz eta non entregatu ziren adierazten duena.

Horregaz batera, Udalak adierazi du proiektu bakoitzaren azalpen-memoria bat eskatuko dela, jardueraren beharra eta eragina, hartzaileen profila, helburuak, aurrekontua eta gastuen justifikazioa, datak eta lekua, eta proiektuaren alderdi berritzaileei baita euskarak proiektuan duen presentziari eta erabilerari buruzko zehaztasunak azaldu behar dituena. Akatsen bat edo osatu gabeko dokumentazioa atzemanez gero, erakundeari 10 egun naturaleko epea emango zaio hori konpontzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun