Barrikako etxebizitza tasatuak arautuko dituen udal-ordenantzari ekarpenak egiteko epea zabalik dago

Iratxe Ugartetxea Muelas

Ekarpenak egiteko epea azaroaren 19​ra arte egongo da zabalik. © BARRIKAKO UDALA

Barrikako Udalak azaldu duenez, bere iritzia helarazi nahi duten herritarrek, erakundeek eta elkarteek hala egin ahal dute horretarako prestatutako inprimakiaren bitartez edo udaletxean bertan (Udaletxeko bidea 6), aurrez aurre. Ekarpenak egiteko epea azaroaren 19​ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.

Udalak adierazi du alderdi hauen inguruko ekarpenak jasoko dituela: ekimenagaz konpondu nahi diren arazoak, ordenantza onartzeko beharra eta egokitasuna, arauaren helburuak eta balizko konponbide alternatiboak, arautzaileak eta ez-arautzaileak.

Ekimenagaz konpondu nahi diren arazoei dagokienez, Udalak azaldu du Barrikak ez duela etxebizitza tasatuari buruzko berariazko araudirik; besteak beste, ez daude araututa etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak, esleipen-prozedura, gehienezko salmenta- eta alokairu-prezioak ezta eskualdaketak. Ondorioz, Udalaren arabera, arriskua dago etxebizitza horiek ez iristeko behar dituztenengana.

Horrez gainera, ordenantza onartzeko beharra eta egokitasunari dagokionez, Udalak adierazi du ​Barrikan zaila dela etxebizitza bat eskuratzea, batez ere gazteentzat eta herrian bizitzen jarraitu nahi duten bizilagunentzat, eta, bere ustez, komeni dela etxebizitza tasatuaren inguruko araudia izatea mota horretako etxebizitza berriak sustatu edo esleitu aurretik.

Horregaz batera, Udalak esan du arauaren helburuak honako hauek direla: eskuratzeko baldintzak arautzea, esleipen-prozedura garden eta objektiboa ezartzea, gehienezko salmenta- eta alokairu-prezioak finkatzea, erabilera arautzea, eskualdaketei muga batzuk finkatzea, Udalaren lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak ezartzea, eta kontrola arautzea.

Azkenik, balizko konponbide alternatiboei dagokienez, Udalaren aburuz, etxebizitza tasatuak ez arautzeak segurtasun juridiko gutxiago eta sustapen bakoitzean irizpide desberdinak erabiltzea ekarriko luke; beraz, udal-ordenantza bat onartzea da gaiari heltzeko tresnarik egokiena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun