Udalak adierazi du alderdi hauen inguruko ekarpenak jasoko dituela: ekimenagaz konpondu nahi diren arazoak, ordenantza onartzeko beharra eta egokitasuna, arauaren helburuak eta balizko konponbide alternatiboak, arautzaileak eta ez-arautzaileak.
Ekimenagaz konpondu nahi diren arazoei dagokienez, Udalak azaldu du Barrikak ez duela etxebizitza tasatuari buruzko berariazko araudirik; besteak beste, ez daude araututa etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak, esleipen-prozedura, gehienezko salmenta- eta alokairu-prezioak ezta eskualdaketak. Ondorioz, Udalaren arabera, arriskua dago etxebizitza horiek ez iristeko behar dituztenengana.
Horrez gainera, ordenantza onartzeko beharra eta egokitasunari dagokionez, Udalak adierazi du Barrikan zaila dela etxebizitza bat eskuratzea, batez ere gazteentzat eta herrian bizitzen jarraitu nahi duten bizilagunentzat, eta, bere ustez, komeni dela etxebizitza tasatuaren inguruko araudia izatea mota horretako etxebizitza berriak sustatu edo esleitu aurretik.
Horregaz batera, Udalak esan du arauaren helburuak honako hauek direla: eskuratzeko baldintzak arautzea, esleipen-prozedura garden eta objektiboa ezartzea, gehienezko salmenta- eta alokairu-prezioak finkatzea, erabilera arautzea, eskualdaketei muga batzuk finkatzea, Udalaren lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak ezartzea, eta kontrola arautzea.
Azkenik, balizko konponbide alternatiboei dagokienez, Udalaren aburuz, etxebizitza tasatuak ez arautzeak segurtasun juridiko gutxiago eta sustapen bakoitzean irizpide desberdinak erabiltzea ekarriko luke; beraz, udal-ordenantza bat onartzea da gaiari heltzeko tresnarik egokiena.