Gure Barrika elkarteak adierazi du ez duela gura Barrika turismoaren, espekulazio urbanistikoaren eta hirigintza intentsiboaren mende dagoen lurraldea izatea, eta bere "nortasuna eta eskala" babestu gura duela, "tokiko ekonomia sustatuz eta kohesio soziala zein bizitza publikoa indartuz". Barrikan etxebizitzak eraikitzearen aurka ez daudela zehaztu du, baina "lurraldea errespetatuko" duen eta "benetako beharretara egokitutako garapen neurritsu eta jasangarri" baten alde egiten duela adierazi du.
Elkarteak kritikatu du Lepolako proiektuak Barrikako paisaia betirako eraldatuko duela; ingurunea kaltetu eta lurraldearen gaineko presioa areagotuko duela; hazkundean, interes partikularretan eta espekulazioaren logikan oinarritutako eredua jarraitzen duela; etxebizitzen prezioak eskuraezinak direla herriko gazte eta familientzat; neurriz kanpoko hazkundea suposatuko duela; ez dituela hirigintza-arauak errespetatzen, beheko solairua, hiru solairu eta atikoa dituzten eraikinak aurreikusten baititu; ez duela Lepolako eremuko ondare arkeologiko, historiko eta etnografikoa ikertu eta babesteko jarduketa-planik aurreikusten, Foru Aldundiak eremuan prospekzioak egiteko beharra adierazi duen arren, eta Barrikako auzoen arteko loturak oztopatuko dituela, besteak beste.
Horregaz batera, Change.org plataforman sinadura-bilketa bat jarri dutela martxan jakinarazi dute, eta dagoeneko 600 pertsona baino gehiagok sinatu dutela gehitu dute.