Atxilotu bat Berangon mila euro balio duten oilar bi lapurtu dituelakoan

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 5a, 18:19

Getxoko ertzain-etxeko agenteek 49 urteko gizon bat atxilotu zuten eguazten arrastian, indarkeriazko lapurreta bat leporatuta. Itxura denez, susmagarriak, beste norbaiten laguntzaz, Berangoko lursail pribatu baten atea indarrez ireki eta 500na euro balio duten oilar bi lapurtu zituzten.

Ertzaintzak partikular baten abisua jaso zuen herenegun, 12:15ak aldera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Zioenez, Berangoko lursailean balio handiko oilar bi lapurtu berri zizkion gizonaren atzetik zihoan, autoz.

Bi gizon harrapatu ei zituen bere lursailean: ate bat indarrez irekita sartu zitzaizkion, eta indarrez ireki zizkioten, halaber, oilar biak zeuden kaiolak. Hain zuzen, 500na euroko balioko espainiar borrokalari arrazako oilar bi ziren. Horiek ikusita, kargu hartu zien, eta ihesi atera ziren gaizkileak, baina oilarrak hartuta. Jarraian, biktimak bere ibilgailua hartu eta lapurretako bati atzetik joan zitzaion herrigunerako norabidean.

Ertzaintzak hainbat patruila bidali zuen ingurura, ustezko lapurrak atzemateko asmoz. Patruiletako batek deiaren egilea topatu zuen Moreaga kalean, oraindik ere susmagarriaren atzetik zihoala. Jarraian, gizonak ustezko lapurra nor zen adierazi zien ertzainei eta hauek gelditzeko agindu zioten kale horretan bertan.

Beste patruila bat bertaratu zen, eta ustezko lapurraren kargu egin. Lehena, ostera, biktimagaz abiatu zen lursailera eta atea metalezko barra batekin indarrez ireki zutela eta kaiolak ere berdin ireki zituztela egiaztatu zuten.

49 urteko gizonezkoa identifikatu eta egiaztapenak egin ondoren, indarra erabilita lapurtu izana egotzita atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten.

Ikerketak abian dirau, beste susmagarria identifikatu eta atxilotzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun