Ohi den legez, jaialdira bertaratzen diren guztiek kopa bat erosi beharko dute, 4 euroan, eta horregaz, Nagusien Etxeko plazara (Sabino Arana kalea) etorritako 18 ekoizleen ardoa dastatu ahal izango dute, gura beste. Horrez gainera, antolatzaileek txorizoa eta gazta banatuko dituzte tripak ase ahal izateko. Jaialdia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta arrastiko 03:00etara arte luzatuko da.
Iñaki Escuderori gorazarre
Aurtengoa XV. edizioa izango da, eta aurton Iñaki Aresti Escuderori omenaldia egingo diote; iaz zendu zen eta aurreko 14 urteetan elkarteko lehendakari izan zen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, agurra dantzatuko diote omenaldiko ekitaldiari hasiera emateko; ondoren, Fredi Paia bertsolari algortarrak bertsoak bota, eta hirukote batek kantak abestuko ditu. Horren guztiaren ostean, Arestiren alargunari oparia emango diote Txakolingileen Elkartea osatzen duten kideek.