Iazko Berangoko Milia izan zen Hego Euskal Herrian antolatzen den miliarik onena. Estatu espainiarreko mailan ere, hoberen baloratu zen proba izan zen. Rankingean, halere, bigarrena geratu zen, azken hiru urteak kontuan hartzen baitira, Josu Hernandez Berangoko Atletismo Taldeko presidenteak azaldu duenez. "28 edizio daroatzagu, eta hasi ginenetik ahalegindu gara probak oinarri-kirola bultza dezan. Horrez gainera, sailkapenetan, goia jotzea lortu badugu, jasotako laguntza denagatik da, baina garrantzitsuena da klubean 90 atleta ditugula eskola-mailan, eta beste 60, federatuta". Hernandezegaz ados dago Jose Mari Sanz Bizkaiko Atletismo Federazioaren presidentea. Bere ustez, Berangoko Miliak jakin izan du krisialdia gainditzen: "ez da aurrekontuagatik, gauzak egiteko moduagatik baino". Sanzek eskertu du atletismoak Berangon hartu dituen arreta eta babesa: "futbolaz harago, bizitza dago".
Maria Isabel Landa Berangoko alkateak onartu duenez, proba mantentzea "Berango bezalako herri batentzat ahalegin garrantzitsua da, bai ekonomikoki, bai gizonek eta emakumeek egiten duten ahaleginagatik ere. Horrek bilakatu du milia hau gaur egun den bezalakoa izatea".
Zeruan baino izar gehiago
Zapatuan korritu gura duenak eguenean izango du izena emateko azken aukera, klubaren webgunean. Ikustera joango denak, ordea, Beijingo Munduko Txapelketan lehiatutako 10 atleta topatuko ditu, eta 800, 1.500 eta 3.000 metroko munduko, Europako, Espainiako, Euskadiko eta Bizkaiko txapeldunak. Besteak beste honako izarrak izango dira Berangon: Solange Pereira iazko txapelduna, Iris eta Zulema Fuentes, Joanna Jozwik, Isabel Macias, Esther Guerrero, Iraia Garcia edo Garazi Lekunberri. Haizea Martinez etxeko atletak abiatuko du taldea. Gizonezkoetan, Manuel Olmedo iazko irabazlea han izango da, Rui Silva edo Abdel Mechaal legez.