Berango Antzokia: bost urtez kulturaren erakusleiho

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 18a, 12:58
Berango Antzokia. © Berangoko Udala.

Berango Antzokiak bost urte bete ditu aurten. Urtemuga hori ospatzeko, urteurren-jaialdia antolatu dute abenduaren 19rako, zapatuan. Hitzordua 19:00etan ipini dute, Berango Antzokian bertan, eta Berangoko Emakumearen Elkarteak, Nagusien Abesbatzak, Musika Eskolak, Kultur Etxeko Dantza Modernoko taldeak eta ACADAEko Txirlora Antzerki Taldeak parte hartuko dute ospakizunean, Fernando Ansoleaga ACADAE Arte Eszenikoen Lagunen Kultur Elkarteko zuzendariak azaldu duenez. Taldeek ikuskizun bana aurkeztuko dute; hala, bertaratutako auzokideek kontzertuez, abestaldeez, dantza modernoez eta antzerkiez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste. "Berangoko hainbat talderen erakusleiho izango da egun horretan Antzokia", iragarri du Ansoleagak.

Berango Antzokiak lehenengoz ateak zabaldu zituenetik gaur egunera arte igarotako bost urteak "biziak" izan direla dio Anabel Landa Berangoko alkateak; "programazioa oso anitza izan da, eta auzokideen zein kanpoko udalerrietako herritarren erantzuna oso handia izan da". Alkatearen arabera, Antzokia "beharrezko azpiegitura" da; izan ere, azpiegitura horrek obrak, ikuskizunak, kontzertuak, abestaldeak eta dantzaldiak har ditzake, eta ondorioz, "udalerriko eskaintza kulturala areagotzea ekarri du". Horren harira, Izaskun Zubiaur Kultura zinegotziaren berbetan, "oso atsegina da ikustea hasiera batean egindako inbertsioak erantzuna izan duela, eta etekin kulturala eta soziala oso handia izan dela".

Udalak balorazio "oso positiboa" egin du bost urteotan Antzokiak izan duen eraginaz. Alkateak azaltzen duenez, partehartzea "oso garrantzitsua" izan da, "bertoko taldeek ikuskizunak aurkeztu dituztenean batez ere"; kasu horietan, leku guztiak bete izan dira. "Argi dago Antzokiak euren lanak aurkezteko aukera ematen diela bertoko taldeei", adierazi du Landak.

Ansoleagaren berbetan, Berango Antzokiak "alternatiba kulturala" eskaini dio herriari. Datuak ikusita, badirudi lortu duela: 2011n 6.000 pertsona inguruk bisitatu zuten azpiegitura hori, bertako eskaintzaz gozatzeko asmoz. Hurrengo urtean, 7.400 lagun hurbildu ziren, eta 2013an eta 2014an, berriz, 7.500 baino gehiago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun