Gabonak Uribe Kostan

Adin guztientzako hamaika jarduera egongo dira aukeran Berangon Gabonetan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 18a, 14:39

Potxin eta Patxin pailazak arituko dira abenduaren 27an Berango Antzokian. © Potxin eta Patxin.

Inguruko gainontzeko udalerrietan legez, Gabonak ospatzeko eskaintza berezia antolatu du Udalak Berangoko herritarrentzat. Abenduaren 18tik urtarrilaren 5era arte, adin nagusi, gazte zein umeentzako eskaintza askotarikoa izango da.

Gaur, barikuan, emango diote hasiera Gabonetako egitarauari, Otxandategi abestaldearen emanaldiagaz. Berango Antzokian izango da kontzertua; sarrera, doan. Abenduaren 21ean eta 22an, Gabonetako pilota-txapelketaren final laurdenak jokatuko dituzte frontoian, 19:30ean. Hurrengo egunean, hilaren 23an, berriz, "Rock Eroak" ikuskizuna eskainiko dute pailazoek Berango Antzokian, euro batean, 18:00etan. Egun berean, frontoian gazteentzako Gabonetako parkea egongo da aukeran, 18:00etatik 21:00etara.

Eguberri bezperan, hilaren 24an, Olentzeroren kalejira egingo dute, kultur etxetik abiatuta frontoira arteko ibilbidea egiteko, 18:30etik aurrera. Abenduaren 26an, zapatuan, musikaren ordua izango da; Gospel saioa izango da Berango Antzokian; sarrera, euro batean. Hurrengo egunean, domekan, ostera, Otxandategi Dantza Taldeko neska-mutil txikiek ikuskizuna egingo dute 12:30ean, Berango Antzokian; sarrera, doan. Egun berean, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia egongo da leku berean, baina 18:00etan; sarrera, euro batean. Abenduaren 28an, pilota berriro ere, Gabonetako txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte frontoian, 19:30etik aurrera. Hilaren 29an eta 30ean, berriz, haur-parkea jarriko dute frontoian. Urteko azken egunean, ordea, hilaren 31n, Gabonetako pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera.

Urtarrilaren 2an eta 3an, Ilusiones antzerki musikala eta Errusiako Ballet Taldearen ikuskizunak egongo dira aukeran Berango Antzokian, hurrenez hurren. Lehenengo saioa 19:00etan izango da, euro batean; bigarrena, berriz, 18:00etan, eta 3 euroren truke. Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen desfilea egingo dute, 19:30ean. 

Egitaraua:

Abenduak 18, barikua

  • 20:00 Otxandategi abestaldearen emanaldia, Berango Antzokian, doan.

Abenduaren 21ean eta 22an

  • 19:30 Gabonetako pilota-txapelketa, final laurdenak, frontoian.

Abenduak 23, eguaztena

  • 18:00-21:00 Gabonetako gazte-parkea, frontoian.
  • 18:00 Pailazoen "Rock Eroak" antzezlana. Sarrera: 1 euro.

Abenduak 24, eguena

  • 18:30 Olentzeroren kalejira, kultur etxetik frontoiraino.

Abenduak 26, zapatua

  • 19:00 Gospel musika kontzertua, Berango Antzokian. Sarrera: 1 euro.

Abenduak 27, domeka

  • 12:30 Ontxandategi Dantza Taldeko txikiak, Berango Antzokian. Sarrera, doan.
  • 18:00 "Potxin eta Patxin" pailazoak, Berango Antzokian. Sarrera: 1 euro.

Abenduaren 29 eta 30ean

  • 11:00-13:00 / 17:00-20:00 Haur-parkea, frontoian.

Abenduak 31, eguena

  • 18:00 Gabonetako pilota txapelketako finalak, frontoian.

Urtarrilak 2, zapatua

  • 19:00 "Ilusiones" antzerki musikala, Berango Antzokian. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 3, domeka

  • 18:00 Errusiako Ballet Taldea, Berango Antzokian. Sarrera: 3 euro.

Urtarrilak 5, martitzena

  • 19:30 Errege Magoen kabalgata, kultur etxetik frontoira.
  • Ostean Disko-festa, DJ Xaiborregaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun