Sutea Berangon eta Sopelan

Suteak aurrera darrai Berangon

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 28a, 10:33

Atzo arrastian Berangon piztutako sua amatatzen saiatzen dabiltza Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Zuzendaritzako eta Basalaneko 35 suhiltzaile; gauean ez dute erraz eduki, egondako haizeteen ondorioz. Behintzat, ez dute beste etxerik hustu behar izan, iturri ezberdinek aipatzen dutenez. Suteak bi foku zituen: daborduko amatatu egin dute Sopelakoa. Larrabasterra eta Unbe arteko errepidean dagoen El Sol garagardotegia kiskalita geratu denik gezurtatu du bere Twitter kontuan Oscar Garcia kazetariak; sua ez da horraino heldu. Ander Deuna ikastolara ere ez dira iritsi garrak. Bigarren fokuari, Berangokoari, dagokionez, hiru kilometro hartzen ditu; Berangoko industrialdetik 50 metro eskasera ere egon da, hainbat iturrik diotenez. Baina, hori "kontrolpean" dagoela adierazi du irratian Maria Isabel Landa alkateak. Dena den, sua amatatzeko, aireko baliabideak eskatu dizkio Aldundiak Espainiako Nekazaritza Ministerioari; egon daitezkeen haizeengatik alerta laranja emanda dago.

Metro Bilbao garraio-enpresak zerbitzua eten egin du goizean Larrabasterrako eta Astrabuduko geltokien artean. Sugarrek goi-tentsioko linea bati eragin dio. Horrela, etenaldiak izan dira, baina daborduko konpondu dituzte. Bestalde, gaur ez da umeentzako Gabonetako parkerik egongo, sutea dela eta.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun