Ur-hegazkinak Nafarroatik eta Kantabriatik heldu dira, eta Ereagan dabiltza urez betetzen. Carlos Uriagereka Bizkaiko Aldundiaren Baso Zerbitzuko buruzagiak Radio Euskadin azaldu duenez, ur-hegazkinez gainera, basozainak, suhiltzaileak eta Basalan enpresako langileak bertan dira. Gainera, bederatzi kamioi, lur orotarako 12 ibilgailu eta 35 suhiltzaile sua itzaltzeko lanean dabiltza. Uriagerekaren berbetan, "sutea kontrolpean" dute, baina haize-bolada bortitzek eta orografia malkartsuak itzaltzeko lanak zailtzen dituzte. Orain arte 120-130 hektarea kiskali ditu suak, Uriagerekak esan duenez.
Haize-boladak eta su-arriskua, 20:00ak arte
Larrialdi eta Meteorologia Harrerarako Zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, "haize-bolada eta suteak" jazotzeko arrisku-abisua arrastiko 20:00ak arte luzatu dute. Haize-boladek 120 km\h baino abiadura handiagokoak izan daitezkeela iragarri dute, eta gune irekietan alerta laranja dagoela gogorarazi. Haizeak hego eta hego-ekialditik joko duela diote, eta 17:00etatik aurrera bolada bortitzagoak izan daitezkeela. Bestalde, akordura ekarri dute, iragan gauerditik eta gaurko 20:00ak arte EAEn su-arriskua altua dela; batez ere "kantauri isualdean", tenpera altu, haize indartsu eta hezetasun baxua direla eta.