Berangoko Udalak Berango-Merana ikastetxean patio berriak sortzeko eta estaltzeko proiektuaren lizitazio prozesua zabaldu du. Oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira. Erreferentzia bezala, Eskola-Batzordeak onartutako aurreproiektua hartuko dute; hala ere, enpresa lizitatzaileek martxoaren 18ra arte epea izango dute beraien proposamenak planteatzeko. Lanen kostua, gutxi gorabehera, 600.000 eurokoa izango da.
"Tamaina handiko proiektua da, ikastetxerako hobekuntza itzela suposatuko duena, euri-egunetan kirol jarduerak eta kanpoko jolasak egin ahal izateko estalitako patioa izango baitute. Bi urteko umeek eta gainerako ikasleek erabili ahal izango dute", azaldu du Anabel Landa alkateak.
Azken urteotan lan ugari burutu dira gune publiko honetan, hura berritzeko asmoz. Lan horiek aurrealdean, leihoetan, teilatuan eta ikastetxea inguratzen duen hesian egin dira. Gimnasioa eta beste sail batzuk ere berritu ziren.
Eskola berritzeak 536.963 euroko inbertsioa suposatu zuen 2008an. Funts haiek gehienak San Marcos eraikinean haur-eskola bat zabaltzera zuzendu ziren. Haur-eskolak 0 eta 3 urte bitarteko 68 umeentzako lekua eskaintzen du. 2009an, berriz, 166.992 euro erabili ziren hobekuntzak egiteko eta beste 132.289 euro zentroaren mantenu-lanak egiteko. 2008an, mantenu lanetarako inbertsioa 98.789 eurokoa izan zen. Zentzu honetan, San Marcos 1 eraikinaren sarbideak errazteko hesi arkitektonikoen ezabapena oso garrantzitsua izan zen.
Hori guztiaz gainera, inbertsio ugari egin dira azken urteotan; berbarako, 2014an Udalak eraikinaren estalkia egokitzeko eta hobetzeko lanak bultzatu zituen, 142.000 eurotik gorako inbertsioagaz.