Zuhaitz Eguna ospatzeko 1.000 ereinotz banatu dituzte Berangon

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 13a, 16:10
Elena Unzueta eta Anabel Landa gaurko banaketan, Berangon.

Bizkaiko Foru Aldundiak 1.000 ereinotz landare banatu ditu gaur Berangon, Zuhaitz Egunaren harira. Zapatuan beste 3.500 ale banatuko dituzte Muskiz, Sopuerta, Derio, Iurreta, Basauri eta Bermeon. Gaurko banaketan Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak eta Anabel Landa Berangoko alkateak parte hartu dute.

Sinbolismoz betetako ekitaldia izan da Berangokoa, udalerri horretan sute larria jazo zelako abenduan, eta, horregatik, bertako alkate Anabel Landak hartu du parte ekitaldian sailburuagaz batera. Azken horrek gogora ekarri du Aldundiak birlandatzean egiten duen lana. Izan ere, adierazi duenez, Aldundiak 350.000 arbola inguru landatzen ditu urtean, Bizkaiko mendi publikoetako 300 hektareatan. Halaber, gaineratu duenez, baso jabe partikularrek 1.100 zuhaitz-hektarea inguru birlandatzen dituzte urtero, 1.500.000 zuhaitz berri erabilita. Lan horietarako, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak lankidetza eskaintzen du.

Unzuetak azaldu duenez, basoek ingurumenari eskaintzen diotenaz gainera, egurra bezalako lehengai iraunkor eta berriztagarria ekoiztea ahalbidetzen du eta, hala, ekonomia berdea sortzen da, "gure landa-eremuan enplegua eta aberastasuna sortzeko ere balio duena". Amaitzeko, sailburuak gonbita luzatu die bizkaitarrei zapatuan 12:00etan joan daitezen landareak banatuko diren sei udalerrietara. Banaketa egiteko, sei furgoneta aparkatuko dira, sei udalerri horietako erdiguneetan.

Bizkaia: oxigeno gehiago eta CO2 gutxiago

Arbola-masek oxigeno gehiago izateko eta CO2 gutxiago izateko betebeharra betetzen dute, gure ingurune naturalaren birikak dira-eta. Kalkuluen arabera, kilometro koadro bateko baso batek mila tona oxigeno sortzen du, hektarea bat zuhaitzek sei pertsonek kontsumitzen duten oxigenoa sortzen du, eta 20 urteko zuhaitz batek urtean 10.000-20.000 kilometro egiten dituen ibilgailu baten CO2 xurgatzen du. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak urterik urte birlandatzen duen azalerari esker, 900 pertsonak egunean kontsumitzen duten oxigenoa sortzen da, edo urtean 10.000-20.000 kilometro egiten dituzten 150 ibilgailuk jaulkitako C02 xurgatzen da, Aldundiaren arabera.

Sollube inguruko mendietako ereinotzak

Gaur eta zapatuan banatuko diren ereinotzak Sollube inguruko mendietakoak dira, haziak bertan batu baitziren 2012an. Espezie horrek ondo drainatutako lurrak behar ditu, izozteetatik babestuta egon behar da lehenengo urteetan eta egutera maite du. Eta ereinotza aukeratu da, gainera, sukaldean eta sendabelar moduan ere erabiltzen delako, espezie sinbolikoa delako eta gure baserrietako bizitzari oso lotuta dagoelako.

Landareak kartoizko loreontzi txiki batzuetan banatuko dira, eta, bertan, haiek zaintzeko jarraibideak daude idatzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun