Berangoko udalekuetan izena emateko aukera, hilaren 28ra arte

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 15a, 12:13
Artxiboko irudia, 2015eko Urdulizko udalekuak. © ERAGINTZA

Urtero legez, Berangoko Udalak neska-mutilentzako udalekuak antolatu ditu udarako, ekainaren 27tik uztailaren 22ra arte, hain zuzen ere. Horietan parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, apirilaren 18tik 28ra arte.

Horretarako, Berangoetara edo Santa Anara jo beharko dute. Udalekuak adinaren arabera banatuta egongo dira: udako Ludotxiki, 2013 eta 2011 artean jaiotakoentzat; udako Ludoteka, 2010 eta 2008 artean jaiotakoentzat; udako Ludokluba, 2007 eta 2002 artean jaiotakoentzat; eta Lekeition udalekuak, 2002 eta 2004 urteen bitartean jaiotakoentzat. Lekeitiokoa ekainaren 24tik 26ra bitartean izango da. Gainerako udalekuetakoek hainbat txango egingo dituzte. Berbarako, Ludotxikikoak Izenadubara (Mungia), Lurraskara (Ajangiz) eta Karpin abenturara (Karrantza) joango dira; Ludotekakoak Cabarcenora (Kantabria) eta Gamarrako (Gasteiz) igerilekuetara joango dira; eta Ludoklubakoak, adinaren arabera, Fadurara (Getxo), Forestal Parkera (Kantabria), Gamarrara (Gasteiz) eta Sobron abenturara (Araba), besteak beste.

Udaleku bakoitzaren prezioa 120 eurokoa izango da, Berangon erroldatuta daudenentzat; gainerakoek 240 euro ordaindu beharko dituzte. Lekeitioko udalekuetarako, berriz, 50 euro eta 100 euro ordaindu beharko dituzte.

Ordainketak egiteko azkenengo eguna ekainaren 6a izango da. Arduradunek azaldu dutenez, programa guztiak euskaraz izango dira, eta Berangon erroldatutako umeek izango dute lehentasuna, leku-kopurua mugatua izango baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun