Antolakuntzak jakinarazi duenez, biharko ekitaldian parte hartuko duten hiru hizlariak "Kili-Kili" aldizkarian buru-belarri ibilitakoak dira, baina garai eta zeregin ezberdinetan. Hala, Jesus Eguzkiza 'Eguzki' hasierako urteetan, Bilboko San Antongo elizan, Jose Antonio Retolazaren hurreko taldean partaide izan zan. Umeen ekintzetan monitore eta pailazo ibilia da, baita umeei Kili-Kili-ren izenean gutunak idazten ere. Horrez gainera, handik urte batzuetara, Kili-irratiko esataria izan zen.
Bestalde, Asier Astigarraga 1980ko hamarkadan ibili zen gehien, besteak beste, udako ikastaroetan eta komikiak argitaratzen. Berak idatzi zuen Jose Antonio Retolazaren biografia "Bidegileak" bildumarako. Azkenik, Lorea Bilbao geroagoko kolaboratzailea da, eta berak irudikatzen du 1990eko hamarkadako urteetara arteko aldizkariaren jarduera, kili-jaietan eta umeakaz egiten zituen ekintzetan. Hiru hizlarien artean, bakoitzak norberaren ikuspegi pertsonala emanda, 'Kili-Kili' aldizkariaren gaineko ezagutza beste era batera osatzea da ekimenaren helburua.
Kili-Kili, 50 urtez
Kili-Kili mugimendua diktaduraren amaierako urte ilunetan sortu zen. Hainbeste urtez euskararen eta euskal kulturaren kimu guztiak goitik behera zapalduta, baztertuta eta zigortuta egon ostean, isioaldi baten erdian kokatu beharra dago, Labayru institutuak zabaldu duenez.
Lehengo mendearen azkenaldia sasoi bizi-bizia izan zen Bilbo aldean eta batez ere San Anton elizaren inguruan. Hortxe garatu ziren katekesiaz gainera, abesbatzak, dantza, antzerki eta mendi taldeak, talde sutsuak denak, euskararen hauspo eta gure ohituren euskarri. Eta bertan sortu zen Kili-Kili be, aldizkari baterako izena eman zuen sei urteko haurren pertsonaia. Aldizkaria, proiektu handian bihurtuta, ohi ez bezalako argitaratze-ekoizpen bategaz, Euskal Herriko txoko guztietara iristen zen.
Aurten egingo ditu 50 urte Kili-Kili mutikoak. Zenbat ekintza, zenbat argitalpen, zenbat poz-une, zenbat olgeta umeen artean, euskararen gurpilean. Poztasuna, jolasa eta saria berba adurtsuak dira euskararen kili-ikasbidean. Hizkuntza pizgarri eta pozgarri izatea zen kili-kilitarren helburua, ez zigorkadaka eta azterketaka.
Kili-Kiliren sortzailea, asmatzailea eta arima, Jose Antonio Retolaza izan zen. Euskarak, euskal dantzek, umeek eta umeen munduak liluratuta bizi izan zen, herrigintzan murgilduta. Beragaz eskuz esku jardun zuen Lander Gallastegi arkitekto eta irudigile berangoztarrak. Gallastegirenak ziren irudiari lotutako lanak. Estetika berezia eta bereizgarria, fina, ederra izan zuten Kili-Kiliren lan denek, bere ahaleginari esker.
2003an, "Kili-Kili" aldizkariak ateak itxi zituen. Aurretik, Irantzu Gallastegi preso berangoztarra eta aitzineko kolaboratzailearen gutun bat argitaratu ostean, "Kili-Kili"-k PPren eta Espainiako prentsaren kritikak eta balorazio zantarrak jaso zituen. Gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Eusko Legebiltzarrera heldu zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak kentzeko eskatu zuten alderdi espainolistek. 2005ean, Kili-kili.net aldizkari elektronikoa ipini zuten martxan, baina ez zuen iraun.
Erakusketa, dokumentala eta liburua
Bilboko Euskal Museoak eta Labayru Fundazioak pasa den martxoaren 18an zabaldu zuten Kili-Kiliren erakusketa, 50. urtemugaren harira. Besteak beste, han izan ziren Paule Sodupe Lander Gallastegi zenaren alarguna eta Labayru fundazioko Akaitze Kamiruaga ikertzaile urduliztarra. Erakusketa, urteurren hori ospatzen duen katalogoaren argitalpenagaz eta 2014an Labayru Fundazioak Kili-kiliaren historia batzen duen bideo baten proiekzioagaz osatu dute. Liburua Jesus Eguzkiza "Eguzki", Akaitze Kamiruaga eta Igone Etxebarria Labayruko kideek idatzi dute eta oaringoz Euskal Museoan bertan eskura daiteke.