Lehenengoak Sopelako Itzartu taldeak hartuko du Antzokia, hilaren 7an, zapatuagaz. Horiek, Jaime de Armiñanen "Todas Somos Compañeros" antzezlana aurkeztuko dute taula gainean. Umorezko lan horretan, bulego batean gertatzen diren gorabeherak kontatuko dituzte.
Hurrengoak Derioko Sutondoan taldekoak izango dira, Alejandro Casonaren "La barca sin pescador" lana antzezteko, hilaren 14an, zapatuagaz. Obra horrek negozio-gizon gogor eta bihozgabe baten istorioa kontatzen du.
Azkenik, hilaren 21ean, zapatuan, Berangoko Txirlora-Acadae antzerki-taldeak Moliere egile frantses klasikoaren "Las mujeres sabias" ikuskizuna taularatuko dute. Iragarri dutenez, barre egin eta ondo pasa gura dutenek antzerki emanaldi hori ikusi “beharra” dute. Horretan, gainera, egileak bere garaiko gizartea (XVII. mendea) kritikatu gura izan zuen obra horren bitartez. Antzokian arituko diren hiru taldeak Fernando Ansoleaga berangoztarraren gidaritzapean jardungo dute. Ikuskizun guztiak arrastiko 19:00etan izango dira; 3 euroren truke.