Bertan, 11 etxola egongo dira: bederatzik ardoa eskainiko dute, eta etxola bana egongo da ogia gaztagaz edo txorizoagaz banatzeko. Iragarri dutenez, ekoizleek prezio ezin hobean salduko dute euren produktua. Izan ere, urtero diseinatzen duten kopa berezia lau euroan erosita, gura beste ardo eta ahal beste pintxo hartu ahal izango da; antolatzaileen arabera, 65 kilo txorizo egosi eta 9 kilo gazta banatuko dituzte.
Hala bada, zintzurra bustitzeaz gainera, sabela betetzeko aukera ere egongo da Berangon. Esan barik doa, urtero legez, txakolina maite dutenentzako egundoko hitzordua izango dela.