Adin guztientzako ikastaroak antolatu dituzte Berangon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 8a, 16:40
Tailer ugari egongo dira aukeran. © SANTURTZIKO BERDINGUNEA

Udari amaiera eman eta 2016-2017 ikasturteko hainbat ikastaro eskaintzen hasiko dira Berangon. Horiek guztiak berangoztarrei zuzenduta egongo dira, baina udalerrian erroldatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute.

Udako oporren ostean, denboraldi berrirako udal ikastaroen eskaintza martxan ipiniko dute Berangon. Nagusiei, hau da, 18 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroei dagokienez, altzarien berriztapena eta tai-jia egongo dira, goizez eta arrastiz eskainiko direnak. Horrez gainera, ingelesezko, areto dantzetako eta eskulanen maila bi eskainiko dituzte; euskal dantzaz, zur lanketaz, margolaritzaz eta euskaraz gainera.

Umeentzako ikastaroak, berriz, honakoak izango dira: dantza modernoaren lau maila, adinaren araberakoak (2011-2012, 2007-2010, 2003-2006 eta 1999-2002); eta margolaritza ingelesez 2009-2011 urteen bitarteko neska-mutilentzat. Ikastaro horiek Santa Anako kultur etxean egingo dira. Berangon erroldatutako pertsonentzat prezioak 19,5 euro eta 101 euro bitartekoak dira ikastaro bakoitzeko.
Horrez guztiaz gainera, pertsona nagusientzako ikastaroak eta jarduerak egongo dira Nagusien Etxean. Gimnasia, erlaxazioa, areto-dantzak, tai-jia edo abesbatzan izena emateko aukera eskainiko da. Jarduera horietan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, hilaren 19a baino lehen. Halaber, ikastaroaren zenbatekoa ordaindu behar da eta 27 euro eta 48 euro bitartean balioko dute, abesbatzaren kasuan izan ezik, doakoa da-eta. Horretaz aparte, zenbait zerbitzu eskainiko dira pertsona nagusientzat: podologia eta aholkularitza juridikoa.

Modu berean, Berangoko Udalaren Berdintasun Sailak urte osorako lau aktibitate eta hiruhileko jarduera bat antolatu ditu: erlaxazioa (Nagusien Etxean), koedukazioa (Gaztegunean, doakoa), goiz eta arrastiz eskainiko diren ariketa aerobikoak, tonifikazio eta luzaketak egiten ikasteko saioak (Santa Ana kultur etxean) eta mindfulness saioa (Santa Ana kultur etxean), hurrenez hurren. Horietakoren batean izena emateko epea irailaren 14tik 21era izango da. Prezioak 13 eta 56 euro artekoak izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun