Hala, 17:00etatik 18:30era Ianire Elorriagak neskentzako skate ikastaro bat eskainiko du bertan. Denbora tarte horretan, taula gainean ibiltzen ikasteaz gainera, bertaratutako lagunek gogoeta egiteko aukera izango dute: zein indarkeria-mota ikusten dituzten skate-munduan, zelan aurre egin horri eta zein "Beldur Barik jarrera" dituzten, besteak beste. Ondoren, 18:30ean, erakustaldi bat egingo dute, skatean dabiltzan neskak protagonistak izango dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "elkarregaz apurtu gura ditugu skate-munduaren moldeak eta estereotipoak, eta gura dugu, halaber, zuek izatea lehiaketari hasiera emateko ekitaldiko protagonistak, eta denon artean Beldur Barik jarrera erakustea". Hala, horretarako interesa dutenek skate-ohola hartu eta Berangoko pistara hurbiltzea besterik ez dute egin behar izango: "hartu zure taula eta etorri irailaren 9an Berangora, pistetan irristatzera, eta zugaz batera beste hainbat neska egongo dira, skatea praktikatu eta parkean protagonistak izan gura dutenak", azaldu dute.
Beldur Barik programa indarkeria sexista errotik kanporatzeko programa da, gazteakaz lan egiten duena. Horretarako, ikus-entzunezko lehiaketa antolatu ohi dute; aurten, irailaren 9an hasi eta azaroaren 9an amaituko da. Saridunak azaroaren 26an jakinaraziko dituzte, Urdulizen antolatuko duten ekitaldi batean.