Jorge Perales: "Hasieran etxean egiten nituen grabazioak"

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 7a, 12:56
Berangoko "Stay and Job" proiektuak duen egoitzan eraiki du Zarata estudioa.

Jorge Perales algortarrak Berangon hutsik zegoen lokal bat musika-estudio bihurtu du: Zarata estudioa. Orain dela 7 urte ekin zion musika grabatzeari, Basaurin; tarte horretan, bertako eta Uribe Kostako hainbat talde grabatzeko aukera izan du. Orain, lokala eta materiala berritu ditu.

Noiz hasi zinen zure musika-estudioa garatzen?

Soinu-teknikoa naiz lanbidez, eta kontzertuetako soinu-instalazioak egiteko enpresa batean egiten dut lan. Hala ere, aste-akabuetan lan asko egin arren, aste barruan denbora librea nuela ikusi eta horri ekin nion. Musikazale amorratua naiz, materiala erosi eta grabazioak egiten hasi nintzen gurasoen etxean; bertan, kantautoreak grabatu nituen, gehienbat. Mundu hori benetan gogoko nuela konturatu nintzenean, estudio handiago bat egiteari ekin nion.

Berangon egon baino lehenago, Basauriko gaztetxean egon zinen...

Bai, hasieran Basauriko Txarraska gaztetxean egon nintzen, bertan bazegoelako lekua. Proiektua aurkeztu nien, eta begi onez ikusi zutenez, estudioa garatu nuen. Proiektua erdi-amateurra zen; hala ere, asko ikasi nuen bertan. Hori 2007an abiatu zen, eta ia-ia gaur arte egon da indarrean.

Zelako esperientzia izan da hangoa?

Oso positiboa, batez ere gauza berriak probatzeko, trebatzeko eta ikasteko aukera izan nuelako. Talde asko grabatu ditut. Hainbat urte eman ditut bertan, baina beti ibili naiz bestelako lokal baten bila, estudio profesionalago bat egin guran. Halako batean, Berangoko "Stay and Job" proiektuagaz topo egin nuen. Gazte ekintzaileentzako ekimen bat da hori, eta bertan nire ideia aurkeztu nuen, harrera ona izango zuelakoan. Hala, bertan dagoen biltegi zahar bat berriztatu dut estudioa egiteko. Urte eta erdi eman dut hori egokitzen, kide batzuen laguntzagaz.

Zer eskaintzen dizu oraingo Berangoko lekuak aurrekoagaz alderatuta?

Fisikoki askoz ere zainduago dago, akustika eta insonorizazioa hobeagoa da hemen. Halaber, materiala berritu dut: nahasketa-mahaia, mikroak...
Zer musika-mota grabatzen duzu?

Gehien lantzen dudan estiloa rock, punk-rock, pop-rock eta metala da. Halere, denetarik grabatu dut; azkena,  abesbatza bat izan da.

Zein da zure eskaintza?

Nire tarifa abesti bakoitzekoa da, ez ordu bakoitzekoa. Abesti bat 100 euroan grabatzen dut, baina diskoa izanda, 60 euro balio du abesti bakoitzak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun