Lidl-eko Komunikazio saileko kide Matías Buenok baieztatu egin du "proiektu hori aurrera doala"; halere, "oso hasierako fasean" dagoela azaldu du. Bere aldetik, Anabel Landa Berangoko alkateak jakinarazi duenez, "Mercadonak eta Decathlonek publikoki azaldu dute Berangon ezartzeko gura, eta eskaera eginda dute jada; une honetan ez dago bestelako lizentzia eskaerarik. Hala ere, badakigu beste hainbat enpresek interesa daukatela".
Berangoko Udalak Landaida Goikoa sektorea garatzeko urrats berria eman zuen iaz udalerriko inguru horren Plan Partziala onartu ostean. Hala, bertan ezarri gura duten ekimen guztiak martxan ipini ahal izango dira. Mercadona izango da bertan ezarriko den lehena, 1.500 metro koadro hartuko ditu eta "40 lanpostu sortuko ditu"; Decathlonek, "80 lanpostu ekarriko ditu udalerrira".