Nagusien kasuan 08:15ean izango da, eta txikiek, ostera, 09:00etan egin beharko dute. Ordu horretan aterako dira helduak, eta txikiak, berriz, ordu erdi beranduago.
Nagusien ibilbideak 16 kilometroko luzera du, eta, txikienak, 8 kilometrokoa; antolatzaileek gogorarazi dutenez, "40 urte dituzuenok aspaldi utzi zenioten txiki izateari!". Mendi-bueltaren ostean, azoka ekologikoa egongo da Sabino Arana kalean, eta nagusiek triki-poteoa izango dute aukeran Sabino Aranako tabernetan, txikiek frontoiaren aurrean jolas-tailerregaz gozatzen duten bitartean. Txikiek 14:00etan, "makarroi goxo-goxoak bazkalduko dituzte", eta ordubete beranduago-edo, nagusien txanda helduko da: "indaba goxo-goxoak, herriko sukaldarien eskutik!".
Umeen bazkaria doakoa izango da parte-hartzaileentzat; helduena, bertan erosi ahal izango da zazpi euroan. Bazkariaren ostean, umeek zinema izango dute Berangoeta kultur etxean. Helduen bazkariaren ostean, sari-banaketa hasiko da.
Merkataritza-gunearen aurkako iritzia
Antolatzaileek herrian egingo duten merkataritza-gune berria kritikatu dute, balizko etorkizun hurbilean Ibilaldi Neurtua zelan izan litekeen ironikoki irudikatuta: "Urriaren 23an... badator Berangoko XXXIV. Ibilaldi Neurtua, gure herriko jairik handiena, eta orain ere, modernoena! Irteera 08:15ean izango da Mercadona aurrean, eta hamaiketakoa Unbeko korridorearen alboan egingo dugu (Lidl-en babesarekin). Santa Anako urbanizazio zoragarriak ikusi eta gero (partzelak oraindik salgai), gure txangoa Decathlon parean amaituko da. Baina lasai, egitarauak jarraituko du: triki-poteoa Megaparketik egin, eta herri-bazkaria McAuton bertan egin ahal izango dugu (ez ahaztu kotxea ekartzea). Ondo etorri IbilALDI Supermerkatu Neurtura! Gogorra, ezta? Ba zoritxarrez, hori da Berangora datorkiguna! Grisa berdearen gainetik, porlana belarraren gainetik, merkataritza-gune erraldoiak komertzio txikiaren gainetik. Goazen, tipi-tapa, aurre egitera!".