Berangoko Gazte Mahaiak gogotsu eta indartsu hasi du urtea. Otsailagaz batera, clown, dantza eta antzerkigintzan trebatzeko ikastaroak antolatu ditu, PrincipiArte ekimenagaz elkarlanean. Tailerrok otsailaren 18an eta 19an izango dira, zapatuan eta domekan, Berangoko Stay and Job egoitzan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimen horren helburua da pailazo berrien agerpena, "norbanakoaren barneraketan eta askatasunean oinarritutako bidaia pertsonala eginez". Hori lortzeko, dantza eta antzerkigintza inprobisatuak erabiliko dituzte baliabidetzat, besteak beste.
Tailerren iraupen osoa 12 ordukoa izango da: zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta domekan, 10:00etatik 14:00etara. Horretan parte hartu gura dutenek 12 eta 35 urte arteko adina izan beharko dute. Horrez gainera, Berango udalerrian erroldatuta egon beharko dute. Halere, antolatzaileek jakinarazi dute «malguak» izango direla eskatzen diren baldintzei dagoekinez. Beraz, baldintza horietakoren bat betetzen ez dutenek eurakaz harremanetan ipini beharko dute. Tailerrak doakoak dira eta saio denak PrincipiArteren kidea den Silvia Estarreadok emango ditu.