Berangoztarren iritzia kontutan hartu dute udal-aurrekontuetarako

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 10a, 11:28

Aurtengo aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatu zuen Berangoko Udalak, azaroaren 8tik 30era bitartean garatu zuen. Ekimen horren bitartez, auzokideek 44 proposamen egin zituzten. Iritzi horietatik, Udalak 23 onartu ditu.

Iritziak jaso ostean, teknikariek ideia horien bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa aztertu dute. Azkenik, Udalak aurrekontuetan txertatuko diren proiektuak jakitera eman zituen. Kontuak hala, jasotako 44 ideietatik 23 onartu dituzte, horien artean, Berangoeta parkea estaltzea, bidegorrien tartea handitzea Gobela ibaiaren parean, Gobela ibaiaren ubidea hobetzea, hainbat errepide hobetzea, Berangorako sarreran sakanguneak ipintzea, paperontzi gehiago ezartzea udalerrian, kirolgunea hobetzea, eta bertan saskibaloi-zelai bat ipintzea, besteak beste.

Horiez gainera, aurrekontuetan txertatzeko beste 11 proposamen aztertzen dabiltza udal-teknikariak, berbarako metro-geltokiaren kanpoaldea egokitzea, Kurtzesetik geltokirako sarreran eskailera-mekanikoak ipintzea eta saskibaloirako kanastak jartzea parkeetan. Bestalde, Udalak gainontzeko 10 proposamenak baztertzea erabaki du, "bideragarritasun ezagatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun