Horietan, auzo horietan egin beharreko hobekuntzak proposatu ahal izango dituzte inguruetan bizi diren gizon-emakumeek; «obra txikietarako aurrekontuaren bidez gauzatu ahal diren proposamenak», zehaztu dute arduradunek. Izan ere, honako proposamenak ez dituzte aintzat hartuko: zenbait kale, parke edo auzo guztiz berrurbanizatzea; ekipamendu handiak eraiki edo handitzea; teknika zein ekonomia aldetik bideragarriak ez diren proposamenak; eta udal-eskumenekoak ez diren jarduerak.
Jasotako iradokizun guztiak kuantifikatu, aztertu eta teknikaren aldetik balioetsi egingo ditu Udalak, horietatik zeintzuk egingo dituen ala ez adosteko helburuagaz. Horren ostean, emaitzak udal-webgunean argitaratuko dituzte, eta kultur etxean herri-bilera egingo dute, jasotako proposamen eta iradokizun «guztiei» erantzuna emateko.