Iraizoizek denboraldi birako kontratua sinatu du Gironagaz

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 16a, 14:00

Atzo arrastian egin zuten Iraizozen aurkezpena. © GIRONA FUTBOL-KLUBA

Gorka Iraizoz Athelticeko atezain ohia futbol-taldez aldatu da, baina ez kolorez. Berangoko bizilagunak Gironaren kolore zuri-gorriak defendatuko ditu datozen denboraldi bietan. Montilivi futbol-zelaian, bat egingo du Jonas Ramalho lamiakoztarragaz.

Hala, Iraizozek Lehenengo Mailan segituko du, Girona igo baita. Iraizozek hamabi denboraldi daramatza Lehen Mailan, eta 444 partida jokatu ditu. Azken hamar urtean, Athleticen atea zaindu du. Talde katalanak atzo arrastian aurkeztu zuen jokalaria.

Klubak azpimarratu zuenez, Gorka Iraizozen fitxaketa "historikoa" da Gironarentzat. Izan ere, datorren denboraldirako lotu duen lehenengoa izateaz gainera, klubaren historia osoan Lehenengo Mailan egin duten lehenengo fitxaketa ere bada. Goizean mediku-azterketa gainditu ostean, denboraldi birako akordioa sinatu zuen Montiliviko taldeagaz. Ondoren, prentsaurrekoa eskaini zuen.

Iraizozek azaldu zuenez, "familian oso pozik gaude aukera berri hau izateagatik", batez ere kontuan hartuta Gironarentzat "denboraldi historikoa" izango dela. Eskertu zuen Gironak beragatik agertu duen interesa, orain dela hilabete bi hurreratu baitzitzaien klubeko ordezkariak, euren "sendiaren parte izateko gonbiteagaz". Horregatik, "Girona handiagoa egiteko" asmoa agertu zuen jokalariak, "ilusio handia" duela aitortuta.

Argazki-galeria (© GIRONA FUTBOL-KLUBA)

Gorka Iraizozen aurkezpena Gironan (2017-VI-15)

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun