Askotariko ikastaroak antolatu ditu Berangoko Udalak datorren ikasturterako

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 6a, 13:32

Tailer ugari egongo dira aukeran. © SANTURTZIKO BERDINGUNEA

Udari amaiera eman eta 2017-2018 ikasturteko hainbat ikastaro eskaintzen hasiko dira Berangon. Horietakoren batean izena ematen dutenen artean lehentasuna izango dute berangoztarrek, baina udalerrian erroldatuta ez daudenek ere parte hartu ahal izango dute horietan. Izena emateko epea irailaren 13tik 20ra bitartekoa izango da, Berangoeta kultur etxean.

Udako oporrak amaitzear daude eta denboraldi berrirako udal ikastaroen eskaintza martxan ipiniko dute Berangon. Nagusiei, hau da, 18 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroei dagokienez, altzarien berriztapena eta tai-jia egongo dira, goizez eta arrastiz eskainiko direnak. Horrez gainera, ingelesezko, areto dantzetako eta eskulanen maila bi eskainiko dituzte; euskal dantzak, zur lanketa, margolaritza eta euskara ere egongo dira aukeran.

Umeentzako ikastaroak, berriz, honakoak izango dira: dantza modernoaren lau maila, adinaren araberakoak (2012-2013, 2008-2011, 2004-2007 eta 2000-2001); nagusienentzako aukera ingelesez izango da. Margolaritza ikastaroak ere ingelesez izango dira, 2006-2012 urteen bitarteko neska-mutilentzat.

Ikastaro horiek denak Santa Anako kultur etxean egingo dira. Berangon erroldatutako pertsonentzat prezioak 20 euro eta 120 euro bitartekoak dira ikastaro bakoitzeko. Erroldatuta ez daudenek, berriz, ikastaro bakoitzaren prezioa handiagoa izango da.

Horrez guztiaz gainera, pertsona nagusientzako ikastaroak eta jarduerak egongo dira Nagusien Etxean. Gimnasia, areto-dantzak, tai-jia edo abesbatzan izena emateko aukera eskainiko da. Jarduera horietan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, hilaren 13tik 20ra bitartean. Ikastaroaren zenbatekoa 12 euro eta 48 euro bitartean balioko dute, abesbatzaren kasuan izan ezik, doakoa da-eta. Horretaz aparte, zenbait zerbitzu eskainiko dira pertsona nagusientzat: podologia eta aholkularitza juridikoa.

Modu berean, Berangoko Udalaren Berdintasun Sailak urte osorako 3 aktibitate eta hiruhileko jarduera bi antolatu ditu: erlaxazioa (Nagusien Etxean), koedukazioa (Berango Antzokian), goiz eta arrastiz eskainiko diren ariketa aerobikoak, tonifikazio eta luzaketak egiten ikasteko saioak (Santa Ana kultur etxean), adimen emozionala (Berango Antzokian) eta oroimena indartzekoa (Nagusien Etxean), hurrenez hurren. Horietakoren batean izena emateko epea irailaren 14tik 21era izango da. Prezioak 12 eta 75 euro artekoak izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun