Gerra Zibilak Berangon izan zuen eraginaren gainean berba egingo dute eguenean, hilaren 21ean, Berangoeta kultur etxean. Hitzordua 19:00etan ipini dute, eta Aitor Miñambres Berangoko Oroimenaren Museoko arduradunak emango du hitzaldia: "Gerra Zibila Berangon (1936-1937)".
Berbaldia ordubetekoa izango da; bertan azalduko dituzte Berangon Gerra Zibilak izan zituen eraginak eta hainbat konturen gaineko zehaztasunak, esaterako Euzko Gudarostearen berangoztarrak, Burdin Hesiaren eraikitzea, herrian jazo ziren bonbardaketak, arma-fabrika, gerrako umeak eta tropa frankistek udalerria okupatu zutenekoa... Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoaren 5. urteurrena dela eta antolatu dute berbaldia.
Burdin Hesia Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadarengandik babesteko eraikitako defentsa-lerroa izan zen. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen 80 kilometro luzeko babes-hesia eraikitzea; gizon, emakume eta adingabe gudari askok jardun zuten eraikitzeko beharretan. Ferra itxurako defentsa-lerroa Bilbo eta inguruko herriak babesteko asmoz egin zuten.